Berria: NBEk Txapartegi ez estraditatzeko eskatu dio Suitzari

Nazio Batuen Erakundeko torturaren eta bestelako tratu gizagabe eta krudelen aurkako kontalari berezi Nils Melzerrek egin du eskaera. Haren arabera, „torturen bidez lortutako konfesioa du oinarri“ Espainiak Txapartegiri jarritako zigorrak. (Hodei Iruretagoiena, 24.4.2017)
Estradizioaren kontrako protesta egin zuten hilaren hasieran. /
Estradizioaren kontrako protesta egin zuten hilaren hasieran. / BERRIA


Nekane Txpartegi euskal presoa Espainiaratzeko erabakia atzera botatzeko eskatu dio Suitzari NBEko torturaren aurkako kontalari bereziak. Suitzako Justiziak martxoan erabaki zuen Espainiaren estradizio eskaera onartzea, eta argudiatu zuen Txapartegik ez zuela „era sinesgarrian frogatu“ torturatu zutela. Helegitea jarri zuen defentsak, eta Suitzako Zigor Auzitegi Federalaren esku dago orain erantzuna.

Melzerren iritziz, Suitzak ez luke estradizio eskaera onartu behar, „elementu ugari eta serioak“ daudelako Txapartegiren polizia deklarazioa „tortura bidez“ lortu zutela esateko. „Txapartegi Espainiara estraditatzeko erabakia kontraesanen dago torturaren eta bestelako tratu gizagabe eta krudelen aurkako Hitzarmeneko oinarrizko printzipioekin“, adierazi du kontalari bereziak.

Istanbulgo protokoloaren balioa

Istanbulgo protokoloaren arabera, sinesgarria da Txapartegiren salaketa, eta horri eman dio balioa Melzerrek. Gogora ekarri du, torturatuen kasuan, „oso zaila“ dela jasandakoaren „froga erabatekoak“ ematea: „Hain zuzen, horregatik, tortura salaketa guztiak Istanbulgo protokoloa oinarri hartuta ikertu behar dira“.

Txapartegi behin-behinean preso dago Suitzan, iazko apiriletik, Espainiako Estatuak eskatuta. Haren aurkako euroagindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2012ko abenduan, 2007tik ihesean dela argudiatuta. Estradizioa ukatzeaz gain, asilo eskaera ere egin zuen Txapartegik Suitzan; bereziki, 1999ko tortura salaketa oinarri hartuta. Izan ere, torturetan oinarritutako epaietan eginiko estradizio eskaerak ukatu egin dituzte aurretik Europako estatu batzuek.

http://www.berria.eus/albisteak/134026/nbek_txapartegi_ez_estraditatzeko_eskatu_dio_suitzari.htm